Pieter Zeeman (Zonnemaire, Zeelanda, 1865eko maiatzaren 25a - Amsterdam, 1943ko urriaren 9a) holandar fisikaria izan zen.
Leidengo eta Amsterdamgo unibertsitateetan egin zituen ikasketak. Optika eta astrofisikako alorrak landu zituen, batez ere. Zeemanek 1896an bere izena daraman efektua aurkitu zuen, Zeeman efektua; efektu hori da elektroiaren spinaren teoriaren oinarrietako bat. Ikerketa batzuk egin zituen Doppler-Fizeau efektuari buruz, eta haien arabera, Einsteinen erlatibitatearen teoria bermatu zuten. 1902an, Fisikako Nobel saria jaso zuen, J.H. Lorentzekin batera.