James Joseph Sylvester (Londres, Ingalaterra, 1814ko irailaren 3a - ib., 1897ko martxoaren 15a) matematikaria izan zen. Cambridgeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta Woolwichko eskola militarrean, Baltimoreko eta Oxfordeko unibertsitateetan irakasle izan zen. Cayleyren adiskide izan zen, eta harekin lan egin zuen. Aldaezin aljebraikoaren teoria proposatu zuen. Horretaz gain, geometriaren arloan aritu zen, eta ekuazioen eta zenbakien teoriari buruzko lanak ere egin zituen. Haren lanak The Collected Mathematical Papers of James Joseph Sylvester (1904-1912) bilduman argitaratu ziren.